Emakumeen nazioarteko greba, batez ere Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotzen dena.
2016ko urriaren amaieran egin zen lehenengoz, eta 50 herrialdetako baino gehiagotako emakumeen elkarteek bultzatu zuten, molde guztietako indarkeria matxista (sexuala, soziala, kulturala, politikoa, ekonomikoa) ikusarazi eta genero-desberdintasuna eta emakumeen aurkako zapalkuntza salatzeko. Nazioarteko lehenengo greba 2017ko martxoaren 8an egin zen.
2018ko greba feministak mugarri bat ezarri zuen. 70 herrialdetako baino gehiagotako hainbat erakunde, kolektibo eta ekintzailek bultzatu zuten, eta 170 herrialdetara baino gehiagotara zabaldu zen. Lehenbiziko aldiz, emakumeek eta gizonek modu desberdinean parte hartzeko deia egin zen, eta emakumeen parte-hartzea errazteko eskatu zitzaien gizonei; esate batera, emakumeei esleitu ohi zaizkien zaintza-lanak beren gain hartuta. Euskal Herrian, milaka pertsonak hartu zuten parte herri eta hirietan antolatutako lanuzte eta ekintzetan, eta hiriburuetako manifestazio jendetsuek oihartzun handia izan zuten komunikabideetan eta sare sozialetan, baita nazioartekoetan ere.
Ondorengo urteetan ere greba- eta lanuzte-deialdiak egin dira —ez bakarrik Martxoaren 8an—, guztiak ere erantzun zabalekoak; horien bidez, bizitza erdigunean jarri da eta ordainik gabeko zaintza-lanak ikusarazi dira, eta zaintza-sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatu da.